XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HERRIAK ETA GIZONAK. Iranarekin makur

Aste huntan Iranaren eta Frantziaren artean gauzak arras makurtu dira.

Pariseko juje inkesta egile batek deitu du irandar jaun bat, Parisen Iraneko enbexadoretegian lanean ari zena, nahi baitzazkon galde batzu egin.

Delako jujeak uste zuen jaun horrek, Gordji izena duenak, zerbait bazuela ikusteko joan den urtean Parisen izan diren terrorixt gertakari batzuetan.

Gordji jauna ez da diplomatzale kondu ekarria, interpreta gisa ditu laguntzen irandar diplomatzaleak.

Ez da jujearen aintzinerat agertu Gordji jauna.

Ez baita haatik holakorik haizu nehorentzat, nun ez den diplomatzalea, polizak ukan du manua hura nahi ala ez segitzeko jujearen aintzinerat.

Bainan nun kausi Gordji jauna? Lehenik erran dute Frantziatik lekuak hustuak zituzkela.

Bainan laster agertu da dudarik gabe oraino Iraneko enbexadoretegian gorderik zagola.

Polizak setiatu bezala du delako enbexadoretegia, Gordji handik jalgi bezain laster, har eta jujearen ganat eremaiteko.

Erran gabe doa frantses gobernuaren urrats horiek gaitzitu dutela irandar gobernua, eta hunek mendekioz poliza gizonak ezarri ditu Teheranen frantses enbexadoretegi inguruan, ziola ere kasu egin zezan gero Frantziak, manera horiek asalda baitzezaketan irandar populua.

Noren manuz

Parisen irandar enbexadoreak deitu ditu berriketariak zerbait baitzakoten erran nahia.

Harat bildu direlarik, ez dira guti harritu, ikusi baitute alabainan, enbexadorearen aldean jarririk Gordji jauna bera, frantseserat itsultzen zituela bere nausiaren solasak.

Berriketarien harritzea handitu da irandar enbexadoreak erran dakotelarik etzela handik mogitu Gordji jauna eta gehiago dena kontseilu hori ukana zuela arrotz herriekilako frantses minixtrotegitik.

Salatu du ere nor zen kontseilu emailea.

Erran gabe doa berehala ukatu duela gauza hori frantses minixtroak.

Ez da dudarik biziki abilki direla jokatzen Irandarrak, eta direla baliatzen Iranaren aldeko politikan herri barneko eta kanpoko bi minixtroen artean diren tira birez.

Lehenak, polizaren nausiak, ditu gudukatzen terrorixtak eta preso altxatzen kausitzen dituelarik, eta badaki zinez Irandarrak direla terrorixt ukaldietan xapeldun.

Bertzeak aldiz, kanpoko minixtroak, bere gain du Libanen bahituak diren Frantsesen zortea, eta badaki heien libratzeko Iraneko gobernuaren beharretan dela.

Horiek hola, Mitterrand presidenta eta Chirac lehen minixtroa akort dira erraiteko Frantziak behar duela fermuki ihardoki Irandarren furfurieri, ezin onetsia dela gutaz gisa hortan trufa diten.

Bruxelles-eko akordioa

Joan den astean Bruxelles-en bildu dira Merkatu Komuneko lehen minixtroak, laborantzako mozkinen prezioak behar zituztela heldu den urteko fitxatu.

Aintzinetik errana zen kontuzkoa zela bilkura hori Europaren geroarentzat, eta baitezpada behar zutela elgar aditu.

Egia erran, Alamaniaren eta Frantziaren elgar akomatzeari datxikola zagon berriz ere Merkatu Komunaren geroa.

Bilkura hortan ziren, Frantziaren izenean, Mitterrand presidenta eta Chirac lehen minixtroa.

Biak harat jin dira xede fermua harturik bururaino zainduko zituztela frantses laborarien intresak.

Bruxelles-en elgarrekin mintzatu dira lehenik Mitterrand presidenta eta Kohl alaman lehen minixtroa eta onartu dituzte akordio baten kondizioneak.

Frantziak onartu du olioaren gora beherez ziren eztabaden bururatzea Alamanek galdegin bezala, Alamanek berriz uko egitea Montants compensatoires delakoeri, aspaldian bi gobernuen artean makurbide ziren laguntza berezieri.

Eta gisa hortan Bruxelles-tik etxerat itzuli dira hamabi buruzagiak hautsi mautsi bat eginik, denek segur atsegin hartu baitute.

Denek, Frantzian bederen, nahiz ez diren laborariak osoki satisfos.

Alamanian aldiz laborariak aserre gorrian sartu dira, ez baititu fagoratzen Bruxelles-eko akordioak.

Montants compensatoires delakoeri esker heien irabazbideak hein berean ziren atxikiak.

Gogoari eman ditake orai ttipitzeko irriskuan ezarriak direla.

Kadhafi Alger hirian Kasik ustegabetarik jin zakote Algeriako buruzagieri bisita egiterat Kadhafi kolonela, Libyako presidenta.

Molde berean jin zen Tuniziarat eta gero Marokarat eskaintza beraren egiterat, behar zutela herri horiek Libyarekin bat egin.

Bainan funts guti egin zuen Bourguiba presidentak, eta gero Hassan II erregeak Kadhafiren asmueri, ez baitzuten batek ez bertzeak Libyari lotzeko gutiziarik.

Orduko arrakasta gogoan zuken Kadhafik Algeriarat jin delarik.

Etzuken berak ere sineste haundirik Chadli presidentari egin dakon usaiako eskaintzan, bi herriak elgarri lotu behar zirela.

Bainan bertzek bazterrerat utzia senditzen baitu bere burua, ari da adixkide zonbait bildu beharrez araba erresumen artean.

Hortarat itzulia da da orai haren politika.

Chadli algeriano presidentak nahiago ditu lehenik ekonomiko lokarriak tinkatu, pundu hortan baitezake lagunt Libyak.

Hori egin eta, ikusiko dute ea molde berean politiko lokarriak ere tinka ditazkenetz.

Han hemenka

Bozkariotan ziren egun hautan Hego-ko Koreanoak.

Roh jaunak, Chun presidentak bere ondoko izendatua duenak, ager arazi ditu bere politiko xedeak eta salatu demokrazia nahi zuela ezarri eta finkatu herrian.

Xede horier baietz behar izan zako ihardetsi, ezin bertzean, Chun presidentak.

Eta hortan jabaldu dira Hego Korean bazterrak, bi astez arras nahasiak izan ondoan.

Japonesen kontra furios dira Amerikanoak, Tashiba deitu induztria elkarte batek Rusiari saldu baitazko elektrika eta elektroniko tresna batzu militar ekarriak direnak.

Amerikak debekatua dako Japoniari gisa hortako tresnen saltzea kanporat eta oroz gainetik Rusiari.

Ordainez eta gaztiguz, ez du amerikano gobernuak delako elkartea haizu uzten bere mozkinen saltzerat Ameriketarat.